XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nagusien arazoak?

Konpon ditzatela nagusiek.

Bigarrena: Aurrekoaren jarraipen modura edo.

Kontua da Martari kontatu niola, gutxi gorahehera, etxean aitarekin zertan gabiltzan.

Berak aditu baten modura erantzun zidan.

Ez muturrik sartzeko, aitonaren aholkuari kasu egiteko, ulertzen zuela batzuetan zail gertatzea gurasoek garai txarrean zure beharra dutelako, baina hori ez dela gure arazoa.

Bere gurasoak duela bost urte banatu ziren eta.

Eta bakoitzak bere bizia berrantolatu du harrezkero.

Marta amarekin eta amaren bigarren senarrarekin bizi da, hau ere lehen izandako emaztearengandik banatua eta bi ume zituena, eta orain beste ume bat dute.

Asteburuak aitarekin ematen ditu; aita ere emakume dibortziatu batekin ezkondu da, alaba bat zuena eta orain beste ume bat espero duena.

Horra, zinean bertan ere ez bezalako nahaspila.

Denboraldi batean oso gaizki pasatu zuela esan zidan.

Haiek ere, gurasoak, gaizki pasatzen ari zirela ikusten zuenean, hain zuzen.

Baina konponbiderik ez zegoela ikusi zuenean eta gurasoek bizimodu berri hartan zoriontsuak ziruditela ikusita, ba bere buruaz kezkatzea erabaki zuen eta ez beste ezertaz.

Hain zuzen ere aitonaren teoria huraxe, kasu praktiko batean aplikatua.